Emakume izanda, “feminista izan behar naiz”-ela diote. Eta hasieran horrela pentsatzen nuen. Baina gaian sakonduz eta ikertuz, feminismoan kontraesanak topatu ditut. Eta asetzen ez nauten hainbat kontu. Eta amorrarazten nauten beste batzuk.
Emakumeek gizonek egiten duten guztia egin ahal dutela diote. Eta gizonek emakumeek egiten duten guztia egin ahal dute? Ba nik uste dut, ez bata ez bestea. Gauza batzuk bai, baina ez beste batzuk.
Gizon gehienek ez dute umeak edo nagusiak zaintzeko pazientzia nahikoa (ez emakumeek beste). Emakume gehienek ez dute ordenagailu bat programatzen ibiltzeko nahia (ez gizonek beste). Ezberdintasun biologikoak ditugu. Ezberdintasun fisikoak, baina baita izaerakoak ere.
Emakume baten gustuak, jarrerak, ikasketak… faktore askok baldintzatzen dituzte. Hezkuntzak? Gizarteak? Bai, jakina horrek eragina du. Baina, esan bezala, badaude berdin jarraituko duten ezberdintasun asko, hezkuntza eta gizartea edozein izanda ere.
Emakumeok femeninoak izateko eskubidea dugu
Badirudi gizonak futbolean aritzen badira, emakumeek ere egin “behar” dutela. Gizonak zientzilariak badira, emakume gehiago egon behar dira derrigorrez. Gauza bera politikan edo enpresetako zuzendaritzan.
Nik uste, berdintasuna egon behar da aukeretan. Baina ez emaitzetan. Emakumeak aske izan behar gara gure gustuko esparruetan aritzeko. Gehienoi futbola edo informatika gustatzen ez bazaigu, zein da arazoa?
Gustatzen zaien emakumeak badaude (eta euren alorrean oso onak)… ba, primeran. Goza dezatela, errespetatu ditzatela. Inork ez die gaur egun oztoporik jartzen. Eta nire amaren belaunaldikoei ere ez. Baina mesedez, ez izan astunak eta ez bota errua etengabe gizarte “patriarkalari”. Ikastoletan eta eskoletan irakasle askok txapa itzelak ematen dituzte. Etengabe. Eta ikasle gehienak aspertzen dira, baina gazte eta nerabeak adoktrinatu nahi dituztela dirudi. Adin horrekin oso gutxik jartzen dutelako zalantzan kontatzen dietena.
Emakume eta gizonak berdinak gara eskubideetan. Baina ezberdinak izen eta izanaz. Ukaezina da. Baina aldi berean, ar eta eme, biok gara elkar osagarriak.
Kontraesanak
Feminismoak emakumeak “askatu” nahi ditu, baina era berean, zer den onargarri eta zer ez erabakitzera behartzen ditu. Zein lan den baztergarri eta zein ez. Minigona erabiltzen badute “objektu sexualak” izango dira, baina era berean, emakumeak ahaldundu nahi ditu, nahi duten bezala jantz daitezen. Esan bezala, feminismoak kontraesan ugari ditu bere baitan.
Lehenengo bi olatu feministak benetan iraultzaileak izan ziren. Benetan lagundu zion emakumeari askatasuna ematen. Baina oraingo olatua, 3.a, noraezean dabil.
Ondo dago emakumeon eskubideak aldarrikatzea, baina ez txikikeri eta tontakerietan zentratzea. Emakumeon bortzatzaileen jatorria ezkutatzea -atzerritarra denean- ez da ulergarria. Emakumeok azafata lana egin nahi badugu, gure lana debekatzea, ez da ulergarria. Emakumeoi piropoak esatea kriminalizatzea ez da ulergarria. Semaforoen monigoteari gona jarri nahi izatea ez da ulergarria.
Biologia, ez ideologia!
- Escrito por Maider Fernández para ZuZeu: https://zuzeu.eus/gaztea/biologia/
- Artículo reproducido en euskalnews.com