Beltzei ez zaie beltz deitu behar?
Ignacio Jiménez-ek Zuzeu-n idatzitako artikulua (euskalnews.com-en berrargitaratua)
(Para nuestros lectores no vascoparlantes, si queréis leer el artículo traducirlo pinchando en los tres puntos de arriba a la derecha (versión móvil) y dándole a “Traducir”)
Duela gutxi, Champions League-eko futbol partidu bat (PSG eta Istanbul-eko talde bat) bertan behera geratu zen. Hurrengoa gertatu zen:
Partiduaren 16. minutua zen eta markagailuan berdinketa zegoen. Epaile nagusiak, Ovidiu Alin Hategan errumaniarrak, Paris Saint Germain-en aldeko falta adierazi zuen. Istanbul-eko taldeko entrenatzailearen laguntzaileetako batek, Pierre Webó kamerundarrak –Osasunako jokalari ohia– erabaki horren aurka protesta egin zuen (antza denez, “ijitu” deitu zuen arbitroa, errumaniarra zela eta). Laugarren epaileak protesta hoien berri eman zion epaile nagusiari. Epaile nagusiari protestaren egilea “beltza” izan zela adierazi zion (“ala negru” edo “beltza dena” errumanieraz) eta Webó haserre bizian jarri zen.
Laugarren epaileak azaldutakoaren arabera, ez zuen “beltza” esan, “tipo beltza” baizik (“black guy” ingelesez), baina azalpenak ez zituen Istanbulgo jokalaria konbentzitu: Webóren taldekideek uste dute laugarren epaileak azalaren kolorea erabili zuela identifikatzeko. Eta hala izan zen, “banquillo”an zegoen bakarra beltza baitzen.
Gertakariak guztiz baldintzatu zuen asteartean jokatzekoa zen partidua. UEFAko ordezkariak egoera baretzen saiatu arren, bi taldeetako jokalariek partidua bertan behera uztea erabaki zuten eta aldageletarako bidea hartu zuten. Hurrengo egunean jokatu zen falta ziren minutuak, arbitro laukote berriarekin.
Niri kasu honek atentzioa eman dit. Izan ere, nik futbol partidu erdi profesionalak pitatzen ditut. Uste dut arrazakeria baztertu behar dela. Baina beltz bati beltz bezala identifikatzea ez dut uste arrazakeria denik. Iraintzeko asmorik ez badago, behintzat. Eta ez dirudi egoera horrelakoa denik. Epaile errumaniarren arteko elkarrizketa izan zen (ez ziren Webo-rengana zuzendu hitz hori erabiltzean). Batek “Nor izan da?” eta besteak “Beltza dena” erantzutea ez dut uste arrazakeria denik. Nola identifikatu bestela, kamisetan zenbaki edo izenik ez badago? Gainera, zerbait berezia gertatuko balitz talde batekoek aktan gertatutakoaren berri eman dezakete, goragoko arduradunek erabakiak hartzeko.
Talde baten denak beltzak izango balira eta zuri bakar bat, “zuria dena” esango litzateke arazorik gabe. Ez duzu uste? Nola deitu behar diogu euskaraz beltza denari? Beltzak ez dira lotsatu behar beltz izateagatik. Harro egon behar dira direnaz, zuriak egon ahal diren bezala.